XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mesopotamiako gatibualditik itzulitako jendea ez zen gai Idatzietan erabilitako hebraiera ulertzeko.

Ondorioz, jendeak uler zezan nahi izanez gero, itzultzaile (edo interpretariek) azaldu behar zioten aramaieraz, Mediterraneoaren Ekialdean bizkor hedatzen ari zen merkatal hizkuntza semitikoz.

Eskritura Santuen atalen baten itzulpen formalaz daukagun testigantza fidagarri bakarra Ecclesiasticus liburuari buruzkoa da, apokrifoen artean sartuarena.

Siraken Jakituriaren liburua Egypton grekora itzuli zuela dakigu haren bilobak K. A.ko 130 urtean.

Garai beretsuan Itun Zaharra grekora itzuli zuten zenbait adituren artean Egyptoko Alexandriako komunitate judua hazten ari zelako eta grekoaz gero eta gehiago baliatzen zirelako.

Antzinateko greko eta erromatarrek nahikoa eskarmentu zuten arren itzulpen lanetan (ikus bedi Livio Androniko, Naevio, Aennio, Quintiliano, Cicero, Horazio, Catullo, Plinio gazteak eta abarrek nolako itzulpen bikainak egin zituzten grekotik eta teknikari buruzko zeinen gogoeta zorrotzak eskaini zituzten) zoritxarrez, Bibliaren itzulpena ez zen baliatu beti esperientzia jori honetaz eta sarritan letra gehiago errespetatu zen izpiritua baino bihurketa lan hauetan.

Aquilak Itun Zaharretik grekora egin zuen itzulpen hitzez-hitzezkoa izan daiteke joera letrazale honen lekuko nabarmenenetako bat.

Theodotianok ere bigarren mendean, egin zuen ahaleginik itzulpena hobetzeko eta azkenik Symmakok, mende beraren azken aldera, eman zituen pauso batzu testu sakratua ulergarriago gerta zedin.

Itun Berriaren itzulpenak goiz eta hizkuntza desberdin askotara egin ziren.

Aurrena syriera eta latinera, ondoren koptiko, ethiopiera, gotiko, armeniera, georgiera eta abarretara, gero eta bizkorrago hedatzen ari zen kristau komunitatearen premiei erantzuteko.

Ezagutzen ditugun latinezko itzulpenak oso hitzez-hitzezkoak dira eta aski traketsak.

Horregatik K.o.ko 348an Damaso Aita Santuak Itun Berria latinera itzultzeko eskatu zionean Hieronimori, aski lanbide zaila sortu zitzaion (...).